XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

; (...) anaia aldameneko gelan zeukan, hori zen bere bentaja.

Bisita haietan Paulo eserita jartzen zitzaion aldamenean, edo ohearen ertzean etzan eta besoa pasatzen zion lepo azpitik.

Daniel mugitu egiten zen, esnatuko naiz ez naiz esnatuko dudatuz bezala, eta betilerik gabeko bere begi haiek zabaltzen zituen une batez: - Zer da Paulo? - esaten zuen.

- Ezer ez, Daniel.

Hi ondo hagoela eta ni ere ondo nagoela hi hola ikusiz.

Baina Danielek berriro itxiak edukitzen zituen begiak, berriro lo egoten zen.

Nahi luke ondo egotea, pensatzen nuen Danielen bizi modua gogoan.

Izan ere, Danielek jostaketan pasatzen zuen egun guztia; herriko plazan bere urte erdiak zeuzkan ume jendearekin, edo zerrategiko zerrautsetan figurak eginez, edo etxeko ganbaran katagorriekin.

Ni ere ondo egongo nintzateke hola bizi ezkero, pensatzen nuen.

Baina ikusten nuen Paulok eskua pasatzen ziola iletik, eta lotsatu egiten nintzen nire pentsamendu hartaz.

Gau batzutan, gela utzi aurretik, Paulok karameluak uzten zizkion mesanotxe gainean.

Hurrengo goizean, Daniel altxor hura erakutsiz etortzen zitzaion gosaltzera.

- Katagorriak ekarri, Paulo.

- Bart ere bai? esaten zion berak harrituta bezala Bart ere goxoak ekarri al dizkik! Hik daukak suertea hik! Nahiago niake katagorri hoiek bezalako lagunak nik ere banitu!.

Badauzkak, pensatzen nuen.

Baina Paulo ez zen niri begira bizi, bakarrik bere anaiari begiratzen zion.

Danielek barre egiten zuen bere anaiaren hitzak entzutean, bere karkara hura.

Paulok aurpegi inbidiotsua jartzen zion orduan.